Escena 2010 Dantza Jaialdia

ESCENA Dantza Jaialdia gure artera itzuliko da berriz ere, udaberritik hurbil; izan ere, dantzak Nafarroan duen hitzordu garrantzitsua da.

Nafarroako Gobernuak antolatu du, 19 herritako udalekin elkarlanean, eta ikusle guztiei hurbildu nahi dizkie zenbait estilo desberdin, betiere arte eszenikoen esparruaren barnean.

Konpainia nafarren ordezkaritza handia du aurten ESCENAk; horrek erakusten du horien kalitatea eta profesionaltasuna, baita Gobernuak talde nafarrekin duen konpromisoa ere.

Fueradeleje konpainiak Where is my mind? lanaren bertsio osoa estreinatuko du; pieza horrek Nafarroako Gobernuaren Kultura eta Turismoko Departamentuko-Vianako Printzea Erakundeko "2010eko muntaketa eszenikoak" deialdiaren laguntza jaso du.

Aldanza konpainiak Aldanza 11 eta Tempomobile aurkeztuko ditu, eta Yo lanaren bidez nortasunaren bilaketara hurbilduko gaitu, Mikel Gaztelurrutiaren jatorrizko musikarekin –bere hirukoteak zuzenean joko du–; horrela, musika eta dantza lotuko ditu.

Era berean, DanzAbierta konpainia kubatarrak parte hartuko du Malson lanarekin; ikuskizun hori Nafarroako zenbait herritara iritsiko da Frantziatik pasatu eta gero; Galiziako OtraDanza konpainiak ere, Asun Noalesen zuzendaritzapean, DE.DOS lanarekin bi unibertso koreografikotan zehar egindako bidaian sartuko gaitu, horiek elkar osatu eta bakar batean nola batzen diren ikusteko.

Edizio berri honetan, ESCENA Dantza Jaialdia gero eta gehiago hurbiltzen da dantza garaikidearen aldera, ez soilik produkzioen bidez, baizik eta tailer artistikoen bidez ere bai. Aurten, Carmen Larrazek emango ditu tailer horiek Arte Garaikideko Huarte Zentroan, bi mailatan banaturik: hastapena eta aurreratua.

Halaber, dantzaren geroko profesionalen harrobia bultzatzearen aldeko apustua egiten du jaialdiak; izan ere, nabarmentzekoa da Ribarroja del Turiako Dantzaren Udal Kontserbatorio Profesionala, Nafarroako Gobernuko Dantza Eskolaren laguntzari esker gurera iritsi dena. Kontserbatorioak eta Eskolak eskua elkarri emango diote Barañain Auditorioan, Parade eta Gadix lanak erakusteko.

ESCENA Dantza Jaialdia martxoaren 4a eta apirilaren 17a bitarte egingo da, eta ikuskizun sorta zabala eskainiko du, ikusle guztientzat zabalik.

calendario de actuaciones
Emanaldien egutegia

Escena 2010
2010 kartela