Nafarroa ez zen gelditu Argien mendeak Europara ekarri zituen aldaketa sakonetatik at. Urte horietan Iruñea urez hornitzeko sistema berriak sortu zituzten (Noaingo akueduktua eta iturri apaingarriak). Jauregiak eta plazak eraiki zituzten, Zangoza berria proiektatu zuten, Aragoi ibaiaren ur goraldietatik salbu egoteko, eta oraindik egun ezagutzen ditugun bide nagusietako batzuk taxutu zituzten.
Garai horri Nafarroako Ordua izena eman izan zaio, Espainiako gizarte eta politika bizimoduan lekua izan zuten nafar jatorriko pertsonaiak ugari izan baitziren. Hori izan zen, esate baterako, Tiburzio Redin militarraren, Juan Bautista Iturralde eta Joan Goienetxe negozio gizonen, eta Jeronimo Uztariz ekonomialariaren kasua. Bereziki nabarmendu behar dira Sebastian Eslabak (gerretako errege idazkaria) eta Migel Muzkizek (Ogasuneko errege idazkaria) lortu zituzten errege idazkaritzak. |