Tabakoaren Kontrako Foru Plana
Inicio
Informazio orokorra
Erretzen hasteari aurrea hartzea
Tabakorik gabe haztea
Nafarroako gazteak eta tabakoa
Haurrak babestea
Erretzeari uztea
Kerik gabeko eremuak
Intereseko estekak
Eskura dauden materialak
Tabakorik gabeko Nazioarteko Eguna
Irakasleak
Osasun arloko profesionalak
Enpresak eta Erakundeak

 

 

 

Kerik gabeko eremuak

Tabakorik gabe haztea

OMEren zuzendari nagusiaren mezua

Zenbait erabaki zail hartzeko garaia

Tabakoak heriotza eragiten du; duela mende erdia baino gehiago dakigu hori. Egunero aurkezten dira ia tabakoak berekin dakartzan arriskuei buruzko ikerketak, baina, aldi berean, munduko milaka gaztek haien lehenengo zigarroa erretzen dute (horrek bizitza osorako mendetasunera eta heriotza goiztiarrera bideratzen ditu, maiz). Eta, giroko tabako kearen arriskuak gero eta nabariagoak izan arren, ez dugu ezer ere egiten munduko milioika haur tabakoaren kearen lainoaren artean haz ez daitezen.

Tabakorik gabeko mundu eguna aukera egokia da geure buruari zenbait galdera egiteko. Hauxe litzateke lehenengoa: "Zein da paradoxa horren zergatia?" Ondoren, geure buruari galdetu beharko genioke zergatik ez dugun zerbait gehiago egiten egoera onartezin horrekin amaitzeko. Gogoan izan behar dugu gure ardura nagusia herrialde guztietako pertsona guztien osasuna babestea dela eta, horretarako, haurren osasuna babestu behar dugula, lehenik.

Haurrak erlazionatuta dauden arrazoi konplexuengatik hasten dira erretzen..

  • Helduei (senideak, zinemako izarrak edo kirol heroiak) erretzen ikustearen eraginez izan daiteke. Irakasle eta sendagile erretzaileen portzentajeak onartezinak dira, herrialde askotan. Haurrei ez erretzeko esaten ahal diegu, baina gure hitzek ez dute zentzurik izanen, baldin eta gure jokabideek kontrakoa adierazten badute. Gazte gutxiagok erretzea nahi badugu, helduei ere lagundu beharko diegu ohitura horri uzten. Helduok horren adibide izan behar dugu, eta politika publikoak zehazten dituzten pertsonek erantzukizun garrantzitsu bat dute: tabakorik gabeko ingurunea lortzeko baldintzak sortzea.

  • Tabakoaren publizitateak funtsezko eginkizuna du gazteei ez erretzeko konbentzitzeko garaian. Gazteengana erretzea erakargarria, zirraragarria dela, erretzeak heldutasuna adierazten duela eta erretzea jokabide desiragarria dela baieztatzen duten mezuak heltzen dira, aldizkari ikusgarrietan edo lasterketak egiteko autoen alboetan azaltzen den publizitatearen bidez. Tabakoaren industriaren esanetan, ez du gazteek erretzerik nahi. Dena dela, haren agiriek oso bestelako errealitate bat aurkezten dute: erretzaile gazteenganako interesa agertzen dute, aspalditik. Bizirauteko, tabakoaren industriak urtero behar ditu erretzaile berriak, tabakoaren gaitzen ondorioz hiltzen diren erretzaileak ordezkatzeko. Erretzaile berri horiek nerabeak izan ohi dira.

  • Baliteke gazteek haien ikaskideen eraginaren ondorioz erretzea, baina gogoan izan behar dugu, definizioz, ikaskide bat adin bereko pertsona bat dela eta, ziur asko, pertsona horrengan eragina izan duten faktoreak helduen jokabidea edo tabakoaren publizitatea izan dira.

Bizi garen mundu honetan, tabakoak hiru milioi eta erdi pertsona hiltzen ditu urtero. Halaber, badakigu abian direla tabakismoa kontrolatzeko zenbait programa eta politika, hala nola honako hauek: tabakoaren kontrako hezkuntza programa indartsuak, tabako produktuen gaineko zerga handiagoak, tabakoaren publizitatearen eta sustapenaren erabateko debekua eta tabakorik gabeko leku publikoei eta ikastetxeei buruzko aginduak. Neurri horien konbinaketaren bidez, tabakoaren ondoriozko heriotza eta eritasun kronikoak (gaixotasun kardiobaskularrak, biriketako gaixotasunak, minbizia) murrizten ahal dira. Estrategia horiek arrakasta handia izan dute herrialde askotan eta, gaur egun, OMEren kide diren Estatuek erakunde horri konbentzio bat antolatzeko eskatu diote, tabakismoa kontrolatzeko neurriak indartu eta bateratzeko, mundu osoan.

Neurri horiek lehenbailehen ezarri eta praktikan jarri behar dira, erabakitasun handiz. Halaber, badakigu indar horiek primeran antolatutako eta babes ekonomiko garrantzitsuko aurkari handien adierazgarri direla. Indar horiei aurre egiteko, funtsezkoa da haurren osasunaren babesa eta sustapena eraginkortasunez bermatzen dituzten erabaki zailak hartzea.

Gauzak dauden moduan, gazteek tabakoari buruzko mezu kontraesankorrak eta nahasiak jasotzen dituzte, sortu dugun giroan. Hala ere, haien osasunerako erabaki egokia hartu eta ez erretzea espero dugu. Gure erantzukizuna da gazteei erretzeko jasaten dituzten presioei eusten laguntzea. Heldu gisa, munduko haurren osasuna babestu behar dugu, baita aurkakotasun handien aurrean ere. Gure seme-alabei "tabakorik gabe haztea" benetan ahalbidetzen dieten erabaki zailak hartzeko garaia iritsi zaigu guztioi.

Kerik gabeko eremuak

  Harremanetarako - Osasun Departamentua - Nafarroako Gobernua (www.navarra.es)